elkarteak.org

es
eu
Agenda
AAAOOLI
1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30

Berriak listado de talleres, actividades, etc

Giza eskubideen muga

Klima-aldaketak eta giza eskubideek zuzeneko harremana dute: lehena areagotzeak bigarrenak erabat egikaritzeko ezintasuna dakar

Natura-hondamendiak, gaixotasunen hedapenak, lehorteak, uholdeak, itsas mailaren igoera. Ondorio horiek guztiek errudun bera dute: klima-aldaketa. Errealitate hori munduko herrialde guztietan agerikoa ez bada ere, dela bertako geografiagatik, dela pobreziagatik, munduko klimatologiaren aldaketa horrek natura-hondamendiak jasateko aukera gehien dituzten herriak kolpatzen ditu behin eta berriz. Gainera, nazioarteko erakundeetako aditu asko bat datoz eragina laster mundu-mailakoa izango dela. Ez bakarrik natura-hondamendiak bezalako ondorioengatik, baita klima-aldaketaren eraginez norberaren herria utzi behar izango duten pertsonen migrazioengatik ere.

 

Beste erakunde batzuen artean, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak urteak  daramatza gai honi buruz ohartarazten. Izan ere, NBEko kide diren herrialdeen arteko akordio batzuk sinatu dira, ingurumenarekiko bizimodu bateragarria sortzen saiatzeko. Adibidez, Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda, zeinak herrialdeei beren politiketan txertatu beharreko erronka-sorta proposatu dien, betiere iraunkortasuna ekintza guztien zeharkako ardatz izaki. Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) egungo ekoizpen- eta kontsumo-ereduak aldatzeko sortu ziren, ekonomia zirkularragoa izatera heltzearren.

 

Halere, hainbat estatuk neurriak onartu dituzten arren, batez ere herrialderik garatuenetako ekoizpen- eta kontsumo-ereduak ez dira iraunkortasunarekin bateragarriak. Horregatik, beharrezkoa da Mendebaldeko bizimoduan aldaketak egitea. Herrialde horietako bizitza-erritmoa azkartu egin da, eta ingurumenaren higadurak eta horren ondorioek zuzeneko eragina dute kalteberagoak diren herrialdeetako pertsonengan. 2014an Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak eginiko txosten batean, gizakiak eragindako berotegi-efektuko gas-isurketak klima-aldaketaren arrazoi nagusia zirela baieztatu zuen.

 

Nabarmena da klima-aldaketak ez duela eragin bera herrialde guztietan; eraginak agerikoagoak dira bertako geografiagatik, pobreziagatik edo gerrengatik, besteak beste, kalteberagoak diren herrialdeetan. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, klimaren ondorioak ez dira era berean banatuko mundu osoan: garapen bidean dauden herrialdeetako biztanleak, bereziki uharte-estatu txikiak, eremu lehorrak eta goi-mendietakoak eta oso populaturiko kostaldeak dira eremu kalteberenak.

 

Kasu horietako bat Haiti da. Natura-hondamendien aurrean babesik gabe, bertatik bertara ari da pairatzen klima-aldaketa. "Gure muinoak zuhaitzik gabe geratu dira, ibaiak urik gabe daude, eta familiak janaririk gabe. Gure lurrak berezko aberastasuna galtzen ari dira, eta, gutxi barru, ezin izango ditugu gehiago landu" zioen herrialdeko hego-ekialdeko andre nekazari batek. Haiti Karibeko eta Ipar Amerikako plaka tektonikoen ondoan dago. Horregatik dago natura-hondamendien mende. Aipagarria da 2010eko lurrikara, hiru milioi lagun kaltetu eta 300.000 heriotza eragin zituena, Nazioarteko Elkartasunaren arabera.

OMEk azaldu legez, geografia eta pobrezia dira herrialde bat klima-aldaketaren aurrean kalteberagoa izateko arrazoietako bi. Haitik klima-aldaketaren zuzeneko eragina bertako geografiagatik nozitzen du, baina baita pobreziagatik ere, batez ere hego-ekialdean. Eremu hartan bizi den jendearen erresilientzia natura-hondamendien aurrean oso mugatua da. Nazioarteko Elkartasunak Haitiko hego-ekialdean genero-ikuspegia duen proiektua abiarazi du, bertan bizi diren landa-komunitateen erresilientzia indartzeko. 

 

Proiektu horren helburu nagusia da natura-hondamendien kaltea murriztea, lur-irristatzeei aurre hartzeko. Horretarako, hainbat zeregin dugu: basoak berritu, ebakuazio-bide ziurrak sortu, babes zibilean esku hartzeko pertsonak prestatu, eskoletan haurrei eremu kalteberei buruz irakatsi, familiak hezi eta lur-irristatzeei aurre egiteko lubaki handiak egin. Proiektuaren barruan, ekintza garrantzitsuenetako bat basoak berritzea da, klima-aldaketa moteltzeko ezinbestekoak izan baitaitezke. Basoek eta bertan sortzen den egurrak karbono bioxidoa xurgatu eta metatzen dute. Horregatik, klima-aldaketa apaltzen laguntzen dute, FAOren datuen arabera.

Natura-hondamendiek eta klima-aldaketak zuzenean eta ondoriorik txarrenekin kalteturiko herrialdeetako bat da Haiti. Klima-aldaketak gogor jotzen ditu bertako biztanleak eta lurraldea, eta biziki murrizten ditu haitiarrak normaltasunez bizitzeko aukerak. Hainbat nazioarteko gizarte-erakundek gobernuen ekintzak aldarrikatzen dituzte; izan ere, ezinbestekoa da neurri eraginkorrak hartzea, akordioak egia bihurtzeko eta guztion artean klima-aldaketa zein pertsonen giza eskubideen eta bizi-kalitatearen murrizketa geldiarazteko.

Por Nazioarteko Elkartasuna - Solidaridad Internacional el 2019-11-05