elkarteak.org

es
eu
Agenda
AAAOOLI
1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30

Berriak listado de talleres, actividades, etc

Beste Europa bat eraikitzeko proposamenen artikulazioa izan da ardatza SETEMen ikastaroen inaugurazioan

Hau ote da nahi dugun Europa? Alternatibak eraiki ditzagun” izenburuko mahai-inguru bat osatuz aurkeztu zuen SETEMek 2016-17rako eskaintzen dituen ikastaroak. Ekitaldia Gasteizko Montehermoso Kulturunean garatu zen, eta bertan Carmen Castro, Tom Kucharz, Ainhoa Bilbao Arkotxa SETEMeko prestakuntza teknikaria eta Jaione Agirre Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen zinegotzia izan ziren parte-hartzaileak.

SETEMek eskaintzen dituen ikastaroen aurkezpen labur baten ondoren mahai-inguruaren txanda heldu zen. Mahai-inguru horretan Carmen Castro Europako genero-politiketan espezializaturiko ekonomista sozial eta singenerodedudas.com web-atariaren fundatzaileak parte hartuko du, eta berarekin batera Tom Kucharz egongo da, aktibista eta ikertzailea, eta Ekologistak Martxan erakundeko eta “TTIPari ez” kanpainako kidea, bai eta globalizazioaren, mugimendu sozialen, Europar Batasunaren, klima-aldaketaren, klima-justiziaren, eta antzeko beste gai batzuen inguruko beste kanpaina batzuetakoa ere.

Erresistentzia Udazkena
Biok salatu zuten, alde batetik, Europar Batasunak korporazio handien interesak hiritarron eskubideen aurretik jartzen dituela eta, bestetik, Estatu Batuekin eta Kanadarekin merkataritza harremanak sinatzeko negoziazioetan demokrazia falta argia dela. Honen aurrean, tokiko ekonomia eta hurbileko harremanak garapen bidezkoago baten oinarri direla defendatu zuten, eta Europa mailan TTIPari aurre egiteko urriaren 8tik 15era antolatu den herri mobilizazioaren berri eman zuten, "Erresistentzia Udazkena" izenekoa.

Horrez gain, ekitaldia hasi baino ordu batzuk lehenago, ekintza bat burutu zuen euskal GGKEak Gasteizko alde zaharrean, euria gogotsu ari bazuen ere. Aiztogile kaleko sarreran ate misteriotsu bat kokatu zuten erakundeko boluntario batzuk. Errealitatea eraldatzeko irekitzera bultzatzen zuten mezuak zeuzkan ateak, eta ausartzen zirenek barruan zegoen ispilu batean bere burua ikusten zuten islatuta, “Aldaketa zure baitan dago” esaldiarekin. Ondoan ikastaroen informazio osoa eta izena-emateko aukera daukan transformateconsetem.org helbidea ere agertzen zitzaien.

SETEMek prestakuntza hazkunde pertsonalerako eta eraldaketa globalaren sustapenerako prozesutzat ikusten du; horrela, pertsona bakoitza aldaketaren eragile suertatzen da. Horregatik, euskal antolakunde hau 1992az geroztik ari da lan egiten prestakuntza-arloan, ia sortu zenetik bertatik. Hala, antolatu dituen ikastaroetan 2.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute.

2016-2017rako prestakuntza-eskaintza
Aurkezten den prestakuntza-eskaintzan hiru ikastaro daude. Lehenaren izenburua “Desazkunde, inklusio eta feminismoan oinarritutako garapen baterako estrategiak” da, eta Vitoria-Gasteizen eta Bilbon emango da, urrian hasita. Itzal handiko irakasleak egongo dira, hala nola Yayo Herrero edo Arcadi Oliveres, eta ikastaroak lankidetzarako garapenak hainbat arlotan dituen planteamendu berrietan sakonduko du.

Azaroan “Hegoaldeko herrien errealitateak” ikastaroa hasiko da, eta Vitoria-Gasteizen eta Donostian emango da. Ikastaroa bukatutakoan, hurrengo udan Latinoamerikako elkartasun-eremu batean parte hartzeko aukera eskaintzen du.

Hirugarren ikastaroa, “Kontsumo kontziente, arduratsua eta eraldatzailea”, online egingo da, eta kontsumo kritiko eta eraldatzailearen bidez aldaketak lortu nahi dituzten ikaskuntzak eta gogoetak eskaintzen ditu.

Argibide gehiagorako: www.transformateconsetem.org

Por SETEM Hego Haizea el 2016-09-19