Ikastaroak, Tailerrak
18:30
Doan, toki guztiak bete arte.
“Begirada afrofeminista bat: arrazismoa eta matxismoa merkatu librearen aroan” izenburuko jardunaldiarekin jarriko du SETEMek abian Balio Faktoriaren 2019-20 ikasturtea. Sarrera librekoa, irailaren 26an egingo da, 18:30etan, Gasteizko Aldabe gizarte-etxeko ekitaldi-aretoan. Han, udazken-negu hauetan aurrera eramango ditugun prestakuntza eraldatzaileen programa ezagutzera emango dugu, dagoeneko kontsultagai ESTEKA HONETAN.
Ekitaldian Khady Fall izango dugu gurekin, Afroféminas kolektiboko aktibista bat. Onlineko komunitate bat dira, iritziaren, kazetaritzaren, literaturaren eta poesiaren bidez afro-jatorrikoak / beltzak eta arrazializatuak diren emakume gaztelaniadunei ahotsa eta ikusgaitasuna ematen diena.
Fallekin egingo dugun ibilbidean, arrazakeriaren eta gizarte-klasearen arteko harremana izango dugu hizpide, edo nola normalizatzen dituen publizitate hegemonikoak jokabide sexista, arrazista eta homofoboak, desparekotasunak sortzen lagunduta. Nola aurre egin diezaiokegu horri geure kontsumoaren bidez?
Aurretik, Balio Faktoriaren udazken-neguetako programazioa aurkeztuko dugu; dena dela, izena emateko epea dagoeneko irekita daukazue. Aurreko edizioetan bezala, hil bakoitzean prestakuntza-jarduerak antolatuko ditugu kontsumoari loturiko gai baten inguruan. Hala, sasoi honetan, bidezko alternatiba jasangarriak aztertuko ditugu, bai eta indarkeria matxistarik gabeko kontsumo bat ere, arroparen kontsumoan sakonduko dugu, eta bizimodu jasangarriagoen bila ibiliko gara.