Gasteiz Antirrazista arrazakeriaren forma guztien aurkako borroka sustatzen dugun kolektiboa gara. Inauteriak ospakizun alaitsua, inklusiboa zein parte-hartzailea izatea espero dugu, baina zenbait portaera eta batez ere, mozorro batzuk kezka eragiten digute urtero. Jai hau inklusiboa izan dadin eta pertsona guztiek gozatzeko eskubidea izan dezaten, Gasteiz Antirrazistatik entitateei, konpartsei, eragileei, sindikatuei, alderdi politikoei, elkarteei eta auzo-elkarteei zien norbanakoei, ezaugarri etniko ez-zuridun mozorroen inguruan hausnartzeko eskatzen diegu.
“Txinatar”, “afrikar”, “indiar” eta bestelako motibazio etnikoko mozorroek, nahiz eta pertsona batzuek inkontzienteki edo inozotasunetik hauek jantzi, estereotipoak betikotzen dituzte. Alde batetik estereotipo hauek zuritasuna goratzen dute eta bestaldetik, zuriak ez garen pertsonenganako indarkeria, gutxiespena, umiliazioa eta gizatasuna kentzea suposatzen dute, gure kultura zein espiritualtasuna iseka egiteko arrazoi edota zerbait exotiko bihurtuz. Hau horrela izanik, mozorro horietako askok estereotipo kaltegarriak iraunarazteko balio dute, eta honekin batera, zuriak ez diren etnietako kideenganako iseka, diskriminazioa, bullyinga eta kasu batzuetan erasoak dakartzate.
Gauzak horrela, mozorroak eta gaiak aukeratu aurretik, beste pertsona batzuk mindu ditzakeen zerbait ote den pentsatzeko tartea har dezazuen eskatu nahiko genizueke. Gure aburuz, ospakizunak pertsona guztientzako berdinak izan beharko lirateke, baina historikoki eman diren zenbait dinamika iraingarrik gaur egun jarraitzen dute.
Inauterien aitzakian beste pertsona batzuen identitatea barregarri uztea, aniztasuna inklusioa edo ekitatearen kontra egitea da. Pertsona beltzak, ijitoak, magrebtarrak, arabiarrak, txinatarrak eta indiarrak gara, gure balioak, arropak, zeinuak zein ezaugarri fisikoak mozorro bat ez direla argi utzi nahi dugu.
Idatzi honekin zera eskatu nahi dugu: jaia pertsona guztiontzat inklusiboa ez bada, ez da festa, iseka baizik. Gure eskaerarekin, portaera hauek pixkanaka aldatzen hastea espero dugu, bizikidetza erreala, inklusiboa, eta anitza lortze aldera. Errespetuan eta enpatian oinarritutako bizikidetza, non pertsona guztiok berdintasunean onartuak izango diren, inor alde batera utzi gabe.
Adeitasunez,
Gasteiz Antirrazista