Birusa milaka pertsonaren bizitza errotik moztea ez da aitzaki, benetan egoera traumatikoa izan arren, gizarte heldu bati eskatu dakiokeen erantzukizunez ez jokatzeko. Bizitza duinaren amaiera heriotza duina da, betiere printzipio hori lehenesten saiatu beharko genuke, baita egoera zailenetan ere, oraingokoetan esaterako.
Alarma-egoerak iraun bitartean herritarrek zenbait eskubideren (eta  horien artean gailena, mugimendu-askatasunaren) etena onartu duen arren,  gure ustean arduraz eta erantzukizunez jokatu nahi duten estatuek  halako gaietan atzerakada ahalik eta gehien murriztu beharko lukete.  Horren guztiaren aurrean, uste dugu garrantzitsua dela gogoratzea  norbere bizitzari eta senideen laguntzari buruzko erabakiak hartzeko  ahalmena pazienteen eskubide direla, eta bermatu egin beharko  liratekeela, ahal bezainbeste. Garrantzitsua da: herritarrek beren  eskubideak aldarrikatzea, aurrean izan ditzaketen aukerak aztertu eta  egokienak eskatu ditzaten; profesionalek herritarren aukera horiek  gauzatzen ahalik eta gehien laguntzea; eta erakundeek pazienteen  eskubideak errespetatuko direla bermatzea.
Errazagoa dirudi  tratamendu jakin bati uko egitea diagnostiko argi batek adierazten  duenean gaixoa prozesu terminal batean dagoela, osasunaren gainbehera  nabarmena dela, mendekotasun-egoerara eramateraino. COVID-19ren kasua ez  da hori: ez denez nahitaez atzeraezina, bizitzaren amaierari buruzko  erabakiak askoz konplexuagoak dira. Alabaina, jakin behar da baimen  informatua dela asistentzia-harremanaren oinarri, eta, horrenbestez,  ahalegina egin behar dela, baita egoera zail honetan ere, honako  eskubide hauek errespetatzeko: informazioa jasotzekoa, aukera klinikoen  artean erabaki ahal izatekoa, sufrimendua arintzeko, eta duintasunez  hiltzekoa, pertsona kuttunen alboan.
Erabakiak hartu aurretik, oso  garrantzitsua da –eta hala agintzen du, gainera, legeak– pertsona orori  bere balio eta borondateei buruz galdetzea, zein, bestalde, errespetatu  egin beharko diren ahal bezainbeste.
Koronabirusak jotako gaixoei  ezarritako isolamendu-neurri zorrotzek atsekabe egoerak eragitez  dizkiete bizitzaren amaieran; egoera horiek arindu egin litezke –eta  kasu batzuetan horrela egiten da–, gutxienez ere komunikazio telematikoa  bermatuz gero. Horrez gain –eta aintzat hartuta neurriaren zailtasuna–,  gaixotasuna itzulezinezko bihurtzen den kasuetan gaixoak gutxienez  senideren edo konfiantza osoko pertsonaren baten laguntza izatea bermatu  beharko genuke, edo hori bermatzera jo beharko genuke. Ildo horri  jarraiki, pozik hartzen ditugu zenbait elkargo profesionalek (horien  artean daude SEMFYCen eta SECPALenak) bideratu dituzten proposamenak,  bai eta erakundeek abian jarritako protokoloak ere, eta heriotza duina  bermatzeko neurriak hartzeko eskatzen diegu oraindik egin ez duten  autonomia-erkidegoei.
Bizitzaren amaierako erabakiak ez dira  bat-batean asmatzen, norberak sakon hausnartu, eta senide, lagun hurko  eta profesionalekin (batez ere lehen mailako arretakoekin) konpartitu  beharreko balioei eta duintasunaren kontzeptuari erantzuten diote.  Heriotzari aurre egiteko eta bizitzaren amaierako erabakiak  planifikatzeko tresnarik hoberena Bizi-testamentua da, zein ezagutzen  baita Aurretiazko Borondateen Dokumentu izenarekin ere. Horregatik  guztiagatik, Bizi-testamentua ezagutarazten eta egiten laguntzeko lehen  mailako arretan eman beharreko arta indartzeko eskatzen diegu Osasun  Ministerioari eta autonomia-erkidegoei.
Horrez gain, DMD-DHEktik  zainketa aringarriak bermatzeko, nola gaixoaren etxebizitzan, hala  ospitale eta egoitzetan eskatzen diegu eskumenak dituzuen erakundeei  –hots, Osasun Ministerioari eta autonomia-erkidegoetako osasun sailei–,  heriotza duina eta sufrimendurik gabea izan ahal dezaten, eta pertsona  kuttunek lagunduta, ohiko etxebizitzan egon nahi dutenei zein  ingresatuta daudenei. Azkenik, uste dugu hileta errituak oinarrizko  jardueratzat jo beharko liratekeela, hartara zendu direnei agurra modu  gertuagoan ematea baimentzeko, gure kultur ereduan ohi bezala.